FILOSOFIA
“Arkaiaren Etxaldea” gizarte-hezkuntzazko proiektuan, ikuspen argia dugu: 50eko hamarkadako baserri bat goitik behera birsortzea. Umeen hezkuntza osatzea dugu xede eta, horretarako, gizarte- eta ingurumen-baloreak transmititzen dizkiegu eta euren berezko gaitasunak bultzatzen ditugu, jatorriz izan ginen nekazari eta abeltzainen bizimoduarekin zuzenean eta esperientzia bidez konektatuta, bizimodu urbanitan pasadizo hutsak izan ohi diren kontzeptu eta emozioak barnera ditzaten, erritmo biziak eta informazio- nahiz teknologia-saturazioa alde batera utz dezaten.
Ia zaharkituta geratu den bizimodu bat BERPIZTEA da gure helburu nagusia, hain urrun ere ez ditugun arbasoentzat bizitzeko eta bizirauteko hain baliagarri izan ziren ohituren onurak eta abantailak BERRESKURATZEA, Lurrak eta Naturak eskaintzen digutena erabiltzen berrikastea. Izan ere, teknologia berrien menpean eta gidaritzapean dagoen kontsumoaren gizarte honetan, bazter geratuz joan dira ohitura haiek, ekoizpen-prozesu gehienak intentsiboak direlako eta industrializatuta daudelako, kate eta ibilbide luzeekin eta, ondorioz, etxeetako elikagaiek jatorriarekiko duten esteka geroz eta ahulagoa delako. Hala ere, gizarte moderno honek geroz eta ozenago eskatzen ditu bizimodu iraunkorragoak, garapena eta aurrerakuntza baliabide natural mugatuen bizkar izan ez daitezen.
“Arkaiaren Etxaldean” bertan bizitako esperientzien bidez, baserritarren ogibideak berezko dituen baloreak berreskuratu nahi ditugu, esaterako, gogor lan egitea, pazientzia eta ardura. Begirada epe laburrari lotuta duen gizarte kontsumista honetan, gutxietsita dauden baina funtsezkoak diren tresnak ulertu eta erabiltzeko aukera eskaini nahi diegu umeei.